1 Ikusten duzu goizean, Argia hasten denean, Menditto baten gainean, Etxe ttipitto aintzin xuri bat, Lau haitzondoren erdian, Xakur xuri bat atean, IturiƱo bat aldean: Han bizi naiz ni bakean. 2 Nahiz ez den gaztelua, Maite dut nik sor-lekua, Aiten aitek hautatua. Etxetik kanpo zait iduritzen Nonbeit naizela galdua, Nola han bainaiz sortua, Han utziko dut mundua, Galtzen ez badut zentzua. 3 Etxean ditut nereak, Akilo, aitzur, goldeak; Uztarri eta hedeak; Jazko bihiez, ditut oraino Zoko guziak beteak: Nola iragan urteak Emaiten badu bertzeak Ez gaitu hilen goseak. 4 Landako hirur behiak, Esnez hanpatu ditiak, Ahatxe eta ergiak, Bi idi handi, kopeta zuri, Bizkar beltz, adar handiak, Zikiro, bildots guriak, Ahuntzak eta ardiak, Nereak dira guziak. 5 Ez da munduan gizonik, Erregerik ez printzerik, Ni bezein urusa denik; Badut andrea, badut semea, Badut alaba ere nik; Osasun ona batetik, Ontasun aski bertzetik; Zer behar dut gehiago nik? 6 Goizean hasiz lanean, Arratsa heldu denean, Nagusi naiz mahainean; Giristino bat ona dut hartu: Nik emaztea hartzean; Ez du mehe egunean Sartuko uste gabean Xingar hezurrik eltzean. 7 Piarres ene semea, Nahiz oraino gaztea, Da mutiko bat ernea; Goizean goizik bazken erdira Badarama artaldea; Segituz ene bidea, Nola baitu egitea, Ez du galduko etxea. 8 Ene alaba Kattalin, Bere hameka urtekin, Ongi doa amarekin; Begiak ditu, amak bezala, Zeru zola bezin urdin; Uste dut denborarekin, Oraiko itxurarekin, Andre on bat dion egin. 9 Ez dugu behar lurrean, Ongi bizirik etxean, Utziz laguna gosean; Ez du beharrak sekulan jotzen Gure etxeko atean, Non ez duen mahainean, Otruntza ordu denean. Leku bat gure aldean. 10 Ene andrea Maria, Ez da andre bat handia Bainan emazte garbia; Irri batentzat badut etxean Nik behar dudan guzia: Gald'egiten dut grazia, Dudan bezala hasia, Akabatzeko bizia. ELIZANBURU